domingo, 10 de abril de 2016

Ipuina: Barkamena

 MILA MINGAINAK

      

     Bazen behin azti gaizto bat. Herrialde bateko mila mingain lapurtu eta sorgindu zituen, euren jabeek hitz egiterakoan gauza txarrak esan zezaten. Horrela, egun bakar batzuk pasata herrialde horretan gauza txarrak besterik ez ziren esaten: “Honek hauxe egiten zuela, besteak bestea egiten zuela, hura astuna zela eta bestea baldarra…”. Egoera horretan herriladeko guztiak haserre zeuden.

       Egoera hau ikustean, bertan bizi zen Mago Handiak zerbait egitea erabaki zuen. Biztanleen belarriak sorgindu zituen horrela: Mingainak gaizki esaka hasten zirenean, belarriak indar handiz ixten ziren. Beraz, gaizki esaka aritzen zirenean gure lagunek ez zuten entzuten mingainek zertan ari ziren. Horrela hasi zen mingainen eta belarrien borroka handia, batzuk gelditu gabe kritikatuz eta besteek gorrarena eginez…

     Nork irabazi zuen gatazka? Denbora aurrera egiten zuela, sorgindutako mingainak alferrik hitz egiten zutela konturatu ziren: “Zertarako hitz egin, ez badu inor entzuten?” Eta esaten zutena aldatzen hasi ziren, ea inork entzuten zien. Horrela konturatu ziren gauza onak eta politak esaten zituztenean, belarriek adi-adi entzuten zutela. Une horretan mingainen gaineko sorginkeria bertan behera gelditu zen.

       Gaur egun, gure azti gaiztoak munduan barrena doa mingainak sorgintzen, baina Mago Handiari esker guztiok dakigu kritikak deusezteko egin behar dugun gauza bakarra belarriak ixtea da eta kritikei kaso ez egitea.




Gogoeta egiteko:
  • Zure ustez, ba al daude gaizki esaka dabiltzan mingainak?
  • Ipuinaren arabera, zer egin behar da mingainak gaizki esaka daudenean?
  • Noiz hasten dira belarriak irikitzen eta entzuten? Zein gauza gustatuko litzaizkizuke entzutea?
  • Zein erlazioa du ipuinak barkamenarekin?




No hay comentarios:

Publicar un comentario